05- Urr2022
Par: Hemen
92 Views

Eusko Barter, Euskal Herriko enpresen arteko loturak sortzeko asmo handiko proiektua

Zaila da etorkizuna iragartzea, baina, zoritxarrez, hipotesia egin daiteke gehiegi okertu gabe, krisi ekonomiko handi bati aurre egingo diogula. Nazioarteko instantzia ezberdinen aurreikuspenak, bestalde, apur bat ezezkorrak dira. Joera har dezakeen krisi-dinamika horretatik, ondorio gisa, enpresa txiki eta ertainek kreditua lortzeko izan ditzaketen zailtasunak gauzatzen dituzten funtsezko bi elementu aipa daitezke.

Pentsatzekoa da interes-tasak oso baxuak izango direla politika monetario oso interbentzionisten ondorioz. Baina bankuek, ez ordaintzeak biderkatzeko arriskuaren aurrean, kreditua eskuratzeko baldintzak gogortuko dituzte (batez ere kaudimenari dagokionez).

Enpresen egoerari dagokionez, haien fakturazioak nabarmen behera egiten duenetik, inbertsioen itzulketak arazoak dakartza, baina baita ere jarduera korronteen kargen ikuspuntutik bakarrik, hein on batean mantentzea oso zaila izanen zaie. Horrela, enpresek altxortegi arazo handiak izango dituzte.

Testuinguru horretan, Eusko Gidaritza Batzordeak ikerketa bat abian jartzea erabaki du, enpresa arteko kreditu-sistema baten bideragarritasunari buruz: “barter” deritzona ingelesez, edo “B2B” diru-zirkuitua, “business-to-business” moneta.

Sistema hori, nolabait, truke-eragiketa bati dagokio. Horren bidez, enpresa batek ondasun bat lagatzen du edo zerbitzu bat beste bati ematen dio, eta trukean balio bereko beste ondasun edo zerbitzu bat jasotzen du, legezko monetan egindako transakzio batetik igaro gabe. “Barter” baten funtzionamenduaren muina eragiketa guziak erregistratzen dituen konpentsazio mekanismo bati atxikia da, horretarako trukaketa sareari dagokion kontu unitate berezi bat erabiliz (sareko kontu unitatea: UCR).

Prospektiba eta Aldaketa Ekonomikoen Aurrerapenaren Ministerioarteko Poloak (PIPAME) egindako ikerketa baten arabera, enpresen % 65ek interesa izan dezakete. Azpimarratzekoa da, bestalde, lege, kontabilitate eta zerga mailan, enpresen arteko trukaketak guztiz legezkoak direla Frantzian.

“Barter” sistemen bi adibidek lortu dute ospea nazioartean: WIRak Suitzan, eta Sardexak Sardinian. Parte hartzen duten enpresendako, ez da aldez aurretik diruzaintzarik kontratatu behar. Horregatik, horrelako sistemak interesgarriak dira enpresa txiki eta ertainentzat, likidezia arazoak dituztelako edota banku kredituak eskuratzeko zailtasunak dituztelako. Gainera, enpresa arteko kreditu sistema klasiko bati dagokionez, emanak diren kredituen iraupena sarearen funtzionamendu arauen araberakoa da. Hori dela eta, krisi garaian, “barter” kreditu sistemak bi ezaugarri garrantzitsu ditu:

  1. Aktibitatearen birkokatzeko bektore bat da. Adibidez, Sardexen kasuan, Sardiniako merkataritzan saltzen diren tokiko elikagaien proportzioa bikoiztu egingo litzateke, % 16tik % 30era.
  2. Enpresendako erresilientzia tresna bat da, kontraindikazio efektu batekin. Izan ere, WIRaren kasua hartuz gero, agerian gelditzen da enpresa txiki eta ertainek WIRen transakzioa handitzeko joera dutela kredituaren baldintzak okertzen direnean. Ikus dezagun erresilientziaren alderdi hori berriki azpimarratu dela Gordailu eta Kontsignazioen Kutxak SCIC France Barterren jarduerari buruz egin ikerketa baten bidez. Ikerketa horren arabera, kooperatibak proposatutako “bartering” prestazioak “erresilientzia irtenbide garrantzitsua izan dira Covid-19aren osasun krisiak eragindako motelaldi ekonomikoaren ondorioz, enpresa txiki eta ertain gehienek diruzaintzako arazoak baitituzte.

“Barter” sistema baten bideragarritasunari buruzko ikerketa proiektu honen posizionamenduari dagokionez, lehenik ikusten da horrelako sistema baten arrakastaren baldintza garrantzitsu bat enpresen arteko hornidura edota azpikontratazio harremanen sarean datzala. Izan ere, “barter” sarean parte hartzen duten enpresa guztiek bere baitan saltzeko eta erosteko gai izan behar dute. Orduan bi galdera sortzen dira. Lehenik, jakitea ea gaur egun hornikuntza edota azpikontratazio harremanak aski trinkoak diren Ipar Euskal Herri mailan, “barter” sistema baten abiatzea enpresa gutiago batzuentzat garrantzitsua izan dadin. Geroari begira, Ipar Euskal Herri mailan zein den, “barter” sistemaren etorkizuneko garapena sostengatuko lukeen hornikuntza edota azpikontratazio harreman horien dentsifikazio ahalmena zehaztea.

Galdera bikoitz horri dagokionez, ikerketa proiektuak mugaz gaindiko sistema baten bideragarritasuna aztertu nahi du, hastapenetik Ipar eta Hego Euskal Herri mailan egituratuko litzatekeena. Gainera, ikerketa proiektuak irizpide saihestezin gisa ezarri nahi du Euskoaren dinamikarekin “barter” sistema posible baten kontabilitate zorrotza.

Ikerketa proiektua Euskok sortutako  Ikaskuntzako Institutuak, Bihar Institutuak, gidatuko du, unibertsitateko ikertzaileekin elkarlanean: Bordeleko Unibertsitateko Yannick Lung, ekonomia industrialean espezializatua; Milango Bocconiko Unibertsitateko Massimo Amato, ekonomia monetario eta finantzarioko ikertzailea; Mondragon Unibertsitateko Oier Onaindia, MIK (Mondragon Innovation & Knowledge) zentroko Ekonomia eta Finantza sailekoa.

Ikerketa talde hau enpresetatik hurbil dauden egituretan oinarrituko da. Horrela, Ipar Euskal Herriko HEMEN Elkartea eta Hego Euskal Herriko Olatukoop harremanetan jarri dira, proiektu honek, bere ikerketa fasetik, lurraldeko eragileen erreakzioak probatzeko aukera izan dezan: enpresak.

HEMENen ustez, proiektu hau oso berritzailea da, eta egituratzailea ere bai, Euskal Herriaren aldetik enpresen arteko harremanak nabarmen sendotuko baititu.

Gure sareko enpresak galdeginak izanen dira ikerketak aitzin egin ahala…